Iñaki, ez dramatizatu arrazoirik gabe. Ez da egia Euskal Herriko Unibertsitateak izena aldatuko duenik. Laburtu egingo du, besterik ez. Hemendik aurrera ez da bi hizkuntzetan egongo, euskaraz bakarrik egongo da: “Euskal Herriko Unibertsitatea”, eta denek ondo ulertuko dute, euskara ez dakiten zure lagunek barne. Hizkuntza gutxitu baten aldeko diskriminazio positiboa da.
UPV/EHUk erabaki du “Euskal Herriko Unibertsitatea” izena hartzea, eta Iñaki Iriarte López jauna triste jarri eta haserretu egin da. Baina ez zen horren triste jarri bere UPN alderdiak PAI (ingelesaren ikaskuntza-programa) inposatu zuenean, matrikulatzeko aukera bakarra bezala, Nafarroako 50 udalerri baino gehiagotan eta 100 eskola baino gehiagoetan.
Ezin du onartu bere unibertsitatean, euskara ofiziala izatea! Gaztelania, munduko bigarren hizkuntza mintzatuena (500 milioi hiztun mundu osoan), eta ia Euskal Herriko Hegoaldeko leku guztietan nagusi dena, orain “mehatxatua” sentitzen da… Benetan? Euskal unibertsitate batek euskaraz soilik erabiltzen duen izen bat erabiltzeagatik? Milioi bat lagunek hitz egiten duten hizkuntza, eta debeku eta errepresio urteetan gutxitua izan dena!
Iñaki Iriartek dio euskarak gaztelania “baztertzen” duela. Baina, zein da benetan historian baztertua izan den hizkuntza? Euskara debekatua eta isildua izan zen, eta oraindik bere lekua berreskuratzen ari da. Baina, gaztelania gaixoa… unibertsitatearen izena galdu du! Negar egiteko modukoa da…
Iriarte jaunak UPV/EHUri “nazionalismo esklusiboa” leporatzen dio, baina bere diskurtsoa ez al da espainolista linguistiko hutsa? “Gaztelania nire hizkuntza da, eta hemen nagusi izan behar du”. Hori da bere kontakizuna. Noski, bere hizkuntza inposatzea “normala” da; besteek beren lekua eskatzea ordea, “fanatismoa” da.
Eta gero dago “erromantze hizkuntzek 800 urte dituzte Euskal Herrian” argudioa. Eta zer? Euskarak 2000 baino gehiago ditu! Baina, jakina, gaztelaniaren “abantaila” bakarra inperio batek mundu erdia okupatu zuela da. Hizkuntza baten balioa ez litzateke indar militarrean oinarritu behar.
Israelen konparaketa? Barregarria. Inork ez du gaztelania debekatzen, ezta euskaraz hitz egitera behartzen ere. Baina Iñaki Iriarterentzat, euskara ikusgai egotea ere “eraso” bat da. Bere benetako kezka: “Euskarak ez du zapaldutako hizkuntza baten papera jokatu nahi!”
Amaitzeko, berak intsumisoa izanen dela aldarrikatzen du: “Nik Universidad del País Vasco deitzen jarraituko dut. Gaztelaniaz”. Bai ausarta! Inork ez dio galarazten hainbeste gustatzen zaion hizkuntza erabiltzea. Baina euskarak ez dio bere lekuari uko egin behar.
