Euskara Iruñeko hizkuntz paisaian txertatzea gaitzesten du Diario de Navarrak

Iruñeko Udalak ekimen ezberdinak bultzatu ditu euskara normalizatzearen bidean azken legealdian. UPNk urte luzez bultzaturiko udalgintzan euskarak ez zuen inolako tokirik proiekzio publikoetan eta maila batean bederen hori aldatzera etorri da azken urteotako lana. Agerikoa da Diario de Navarrak nafarron hizkuntzarekiko duen jarrera ezkorra. Hau argi geratu da pasadan martxoaren 20an azalean zekarren titular nagusiarekin, non proiektu ezberdinak izendatzeko euskara erabiltzea “Euskaldunizar” aditz diabolikoaz definitu zuen Cordovillako egunkari antieuskaldunak.

Maila batean bada ere, euskara Iruñeko hizkuntz paisaian bere lekutxoa aurkitzea ekarri du azken urteotako udal lanak. UPNk urteetan hartutako erabaki baztertzaileen ondorioz inolako esparru ez edukitzetik komunikazio publikoetan bere presentzia handitzea ekarri du aldaketak. Horren adibide dugu logo korporatiboan emandako aldaketa, non euskara gaztelaniaren parera jartzen den edota komunikazio ofizialak elebiz egitea.

Legealdi honetan proiektu andana jarri dira martxan Iruñean eta horiek izendatzeko erabilitakoak, askotan ekimen herrikoiez erabakitakoak, euskara ekarri dute zentrura. Aurrerapausoak gure hizkuntz gutxituaren normalizazioan. Diario de Navarrak baina begi

txarrez ikusten ditu aldaketok. Martxoaren 20an azalean zekarren “Euskaldunizar la vida municipal” titularra. Barrenean orrialde oso batera eramaten zuen izendapen berrien inguruko erreportaia. Bertan erabilitako lengoaiak aditzera ematen zuten Nafar egunkari irakurrienak zelako jarrera erakusten duen aurrerapauso hauekiko: “el euskera se ha colado”, “cumplen las premisas (…) para convertir la denominación en exitosa” (euskara bultzatzeak arrakastarekin lehian egongo balitz bezala) edo “en la elección del nombre en euskara seguro que tuvo que ver la intención de abrir (…) a otros municipios de Navarra y el País Vasco”, Iruñeko bizilagunek euskara irakurtzeko eskubide edo interesik edukiko ez balute bezala.

Cordovillako egunkariak behin eta berriz erakusten du euskararen normalizazioaren bidean ematen diren aurrerapausuekiko mespretxua. Bere hasierako garaietan nafarron hizkuntzarekiko jarrera positiboago bat bazuen ere, hamarkadak daramatza euskararen kontrako borroka ideologikoan. Ezin dugu onartu, eta gurea hizkuntz gutxitua den heinean, komunikabideen partetik merezi duen babesa galdegitea dagokigu. Diario de Navarra euskararen etsai den aldetik berau salatzea eta bere eragiteko gaitasunari aurre egitea dagokigu, baita gure hizkuntz eskubideen defentsatik begiratuta.