Euskara administrazioan: Diario de Navarraren jokaldi ankerrak

“El Gobierno debe regular el euskera en la Administración” baieztapena eraman zuen titularretara Diario de Navarrak hilaren hamaikan. Agindu izaera eman zion goiburu eta artikuloari, nolabait denborak eta eszenatokiak baldintzatu nahiean. Administrazioan Euskaraz Taldearekin mintzatu gara artikulo hau egiteko.

Administrazioan euskararekin hartu beharreko neurriei buruzko albistea eraikitzeko Diario de Navarrak euskararen balorazioa baliogabetu zuen Nafarroako Auzitegi Nagusiaren epaia hartzen du banderatzat, jakin badakielako epai horren baitan euskararen balorazioa arautzea ezinezkoa dela. Izan ere, nola arautuko da balorazioa ezin bada irizpide orokorrik ezarri? Artikuloan ongi erreibindikatzen duten lanpostu bakoitzaren ezaugarriaren arabera baloratzearen agindua badago?

Gainera, aipatu epaiak esandakoari jarraiki aurreko dekretuan ezartzen zen % 2’76 puntuatzea neurrigabea eta justifikaziorik gabea bazen, zer balorazio eman daiteke? (balorazio hau % 1ekoa bihur zitekeen praktikan, merituen 40 puntutik 39 lor zitezkeelako euskaraz jakin gabe).

Diario de Navarratik baldintzatu nahi duten dekretu berrian jar dezaketen bakarra da, epaiari helduaz, euskara balora dezaketela lanpostuaren ezaugarriaren arabera eta gehienez jota % 1’17 (hori zen aurreko balorazioa, gainontzeko merituen % 3).

Baina hori da al da euskararen balorazioa arautzea (balora dezaketela erratea)? Eta gainera, baloratzekotan, hain gutxi?

Gaiak ez du konponbiderik eta Kordobilan badakite. Konponbide bakarra da epaileei aurre egitea. Baina justu aurkakoa eginen dute: epaia errespetatzen dutela eta hori dela aterabide bakarra. Hori da Nafarroan kolonialismoak duen ahotsaren estrategia, eszenatoki hori bultzatzea.

Ikusi beharko dugu aldaketaren baitan lerrokatutako indar politikoek zer nolako jarrera hartzen duten; Erregimenaren estrategiari men edo aurre egin.

P.d.: Ez da ahaztu behar arauketa murritz hori erabat alferrikakoa dela, gehien-gehienetan Nafarroako Gobernuak oposizioa erabiltzen duelako, inolako meriturik baloratu gabe.