XXI. mendean, subiranotasunaren alde, berriz altxatu diren Nafar errebeldeak

Agosto 25 2021

Udaren lasaiean elkartu gara Nafarroa Berriz Altxa dinamika subiranistan parte hartu duten Amagoia eta Joseba errebeldeekin. 1521ko ekaina. Nafarroa osoan aurreko asteetan pizten joan den espainiar inbasoreen kontrako altxamendu herritarra geldituko duen bataila ematen da Noainen. Gertaeraren oroimenetik abiatuta nafar herritarrak berriz altxatzera gonbidatu ditu mugimenduak. Historia, errebeldia eta subiranotasuna etorkizun berri baten aldeko borroka bezala

Nafarroa Berriz Altxako partaideak zarete, nondik heldu diozue dinamikari?

Joseba: Nafarroako sektore ezberdinetako berrogeitamar izen baino gehien bildu ginen aurkezpena egiteko eta minimo amankomun batzuk genituen: alde batetik, ohartzen ginela Noaingo batailaren 500. urtemuga bazetorrela eta batez ere, beste bi elementu batzen gintuen. Bata, XXI. mendean Nafarroak bere burujabetza berreskuratu behar duela aldarrikatzen dugula, hau da, ez dugula egiten ariketa historizista bat, baizik eta gaurkotasunez beterik dagoen apostu bat egiten dugula. Eta bi, horri bultzada emateko dei egiten geniola nafarroako sektore errebeldeei; hortik aurkezpenean sindikalistak, feministak, mugimendu okupan egondako jendea, gazte mugimenduan egondakoak, intsumituak, preso ohiak…egotea, orohar errebeldia anitz horren ordezkari diren pertsonak.

Duela 500 urteko ekainean milaka nafar altxatu ziren inbasorearen aurka, lehenagoko maiatzean ere makina bat altxamendu eman ziren Nafarroa osoko herri ezberdinetan. Nola bizi izan duzue 2021.urtean antolatu duzuen matxinada berri hau?

Amagoia: Egia errateko, espektatiba nahiko onak genituen, pandemia egoera batean egonda ere, pentsatzen genuelako burujabetzaren alde eta efemeride historiko horren harira, Nafarroan aukerak bazirela jendea aktibatzeko eta mobilizatzeko. Are gehiago, ikusten genuen pandemia egoera honetan ere jendeak bazuela kalera ateratzeko eta neurri batean arnasa hartzeko beharra.

Hortik abiatuta, egia da, aurkezpenetik manifa bitarteko bi hilabete eskas horietan egon den erantzun eta auzolana sorpresaz hartu dugula. Alde horretatik, dugun inpresio eta balantzea agitz ona da.

Joseba: Bi hilabetetan existitzen ez zen zerbait nafar gizarte sektore ezberdinen imaginarioan kokatzea lortu dugu. Apirilaren bukaeran ezaguna ez zen dinamika bat ekainaren bukaeran nolabaiteko ezagutza izatea lortu dugu, gizarte sektore askok ezagutu dutelarik Nafarroa Berriz Altxa zer den. Arrakasta horren arrazoietako bat, burujabetzaren alde Nafarroatik Nafarroara egindako dinamika bat izan dela esango nuke. Bistan gelditu da zailtasunak zailtasun, pandemiak pandemia, arrakasta izan duela.

Hor ere bada gauza bat, seguruena apirilean aurkeztu ginenean kalkulatu ez genuena, eta da, Erregimenean sortuko zuen erantzuna. Guk hori ez genuen baloratzen. Izan ere, konkistaren urtemugaren garaian Erregimenak ariketa bat egin zuen gizartearen aurrean borondatezko inkorporazio bat aurkezteko eta gailenduak izan ziren, nabarmen gainera. Historiaren munduan dabilen jendea garaitu zituen eta imaginario kolektiboan agerikoa da 1512koa konkista bat izan zela. Hortaz, 1521koari begira pentsatzen genuen eskuinak eta Erregimenak orohar ez zuela inongo erantzunik emango. Ohartu gara gu kalera atera orduko eta ikusi dutenean nolabait Nafarroaren bandera altxatzen genuela beren burua behartuta ikusi dutela zeozer esatera. Hortik datoz VOXen ekitaldia, Diario de Navarran Del Burgok argitaratutako artikulo ezberdinak, erantzunak eta kontraerantzunak… orduan dinamikak momentuz daukan bizi laburrean arrakastasua izan dela uste dugu.

Zer potentzialidadea du Memoria Historikoak zuena bezalako proposamen eraldatzaileendako?

Amagoia: Noaingo urteurrena hari gisa hartu genuen ekimena bultzatzeko bagenekielako Nafarroan Memoria Historikoak zer nolako pisua duen eta Historia oroitarazten dugun aldiro nola jendearen sentimenduak eta barrenak mugitzen diren eta eztabaida soziala pizten den. Horrek erran nahi du egoera ez dagoela normalizatua. gure imaginarioan oraindik ere aitz aise presente dugula hemen Espainiaren proiektua inposatua dela, hemen ez dagoela borondatezko harreman bat eta konkistatuak izan ginela. 500 urte beranduago, oraindik ere, ez gaituztela menderatu eta transmisio kolektibo bat ere egon dela, zerbait badagoela, badagoela kate bat hautsi ez dena.

Joseba: Herri baten nortasuna elementu ezberdinek osatzen dute. Hitzegin dezakegu kulturari buruz, hizkuntzari buruz edota Historiari buruz ere. Historiak nabarmen markatzen du herri baten identitatea, nolabaiteko identifikazio kolektiboa izateko eta nortasun kolektiboa izateko balio du. Baino planteatu behar dugu ez iraganari begirako ariketa bezala baizik eta etorkizunari begirako ariketa bat bezala. Duela 500 urte zer gertatu zen lehia historiko batean katramilatzeak ez luke izango zentzu gehiegirik ez balitz izango gaur egungo bizi-baldintza materialak hobetuko lituzke burujabetza prozesu bat abian jartzeko.

Burujabetzak zer eskeiniko lioke egungo gizarte nafarrari?

Amagoia: Guk esaten duguna da burujabetza dela ezinbesteko tresna gure bizi-baldintzak hobetzeko eta idei hori behin eta berriz errepikatu dugu. Izan ere, burujabetza faltak gure egunerokotasunean eragiten digu. Horretarako hainbat adibide jarri izan ditugu ekimen hau aurkeztu genuenetik. Batzuk aipatzearren, adibidez langileen prestazioak ezin ditugu hemen aratutu, ezin dugu pentsio sistema publiko bat hemen eraiki, inposatua zaigu. Hezkuntza Legea ere Madriletik inposatua zaigu eta ezin dugu aratutu gure Hezkuntza Sistema propioa. Hor dago gastu arauaren adibidea ere: gure aurrekontu propioak eginda ere ezin dugu gastatu behar eta nahi dugun guztia, hori ere arautua dago eta inposizioaren bidetik ezin ditugu nahi ditugun lanpostu publikoak sortu. Hainbat gaietan egunero eta etengabe zailtasunak eta oztopoak ditugu. Horregatik gizarteari erraten genion gai honetaz kontzientzia hartu behar dugula egoera hau iraultzeko eta eremu guztietaik aldarrrikapen honeri heldu behar zaiola eta bere ekinbidean txertatu. Mugimendu Feministan, Langile Mugimenduan, zaintzaren eramuan, Ikasle Mugimenduan…sektore guztien agendan aldarrikapen hau sartzeko deia egin nahi izan dugu.

Joseba: Oso agerikoena den bat, iada aipatu den lan munduarena da. Nafarroak ez du eskumenik lanaren inguruko araudia onartzeko, hori guztia Madrilen onartu egiten da, Madrilgo Kongresuan, langileen estatutuan. Hor langilearen lan jardunak, eskubideak, betebeharrak…denak, Madriletik eratorrita daude. Edozein langilek, agian burujabetzaren inguruko kezkarik ez duenak ere, oso argi du Estatu mailako lan hitzarmen bat aplikatzen zaionean galga ikaragarria dela eskubideetan Nafarroako konbenio bat aplikatzen zaionean alderatuz. Hori da burujabetza berreskuratzea. Honera ekartzea eztabaidak eta honera ekartzea erabakiak.

Termino politikoagoetan esango nuke burujabetza prozesu batek Nafarroan, nafar gizartearen gehiengoari, batez ere gehiengo xeheari, gutxi duenari eta gauzak aldatzea nahi duenari, aukera ematen diola joko zelai berri bat borrokatzeko. Gehiengoaren alderako izango den marko juridiko berri eta propio bat borrokatzeko, demokratikoagoa, justuagoa eta orohar gizarte sektore xehenentzat hobea izango dena.

Esan den moduan Erregimenak fitxa mugitu du eta zentzu horretan Diario de Navarrak egindako despliegea nahiko adierazgarria izan da. Ikus dezagun. Amagoiak lagunduko digu.

  • Del Burgoren artikuloak aipatu dira, baino, gaiari loturiko zenbat artikulo kaleratu dituztela esango zenukete?

Errango nuke Diario de Navarran gai honen iguruan lauzpabost artikulo argitartu direla

Ekaina eta uztaila artean 13 artikulo detektatu ditugu, asko gainera orri bat baino gehigokoak. Diotenaren kontra, garrantzisko gaiek duten tankerako jarraipena.

  • Ze sekziotan argitaratuta?

Iritzi atalean

Iritzi atalean badaude ere, gehienak atal ezberdindu batean izan dira argitaratuak. Berariaz Noaingo batailaren beroan sortutako goiburuaz askotan. Egunkariaren amaieran gainera, eduki eta jarraipen bereziei eskeinitako orrialdetan. Gaiaren pisu editoriala nabaria izan da Kordobilan.

  • Zein da gehien azaldu duten ideia, mezua?

Diario de Navarra eta bertzelako komunikabide batzuetan gai honen onguruan irakurri ahal izan ditudan artikuloetan bi gauza nabarmenduko nituzke.

Alde batetik, historialari batzuk saiatu dira azaltzen Noaingo bataila ze kontestu historikoan eman zen, bataila berak zer suposatu zuen Nafarroako Historian. Hau da, gure independentzia berreskuratzeko azken saiakeretako bat izan zela, pixka bat gertakizun horren garrantzia azpimarratzen saiatu dira.

Bai hala izan da. Ikuspegi historizista eta erasokorra. Azpimarratzeko Del burgok sortutako artikulo seriea “Falsario” duena titulartzat.

  • Bukatzerako Iñaki Iriartek argitaratutako artikuloa aurkitzen dugu, honela zioen:

Titularra: Menos batallas de Noáin, más por el coche eléctrico

Sarreratxoa: Cada nacionalismo, por pequeño que sea, tiene una o varias derrotas que, a su modo de ver, todos los males que sufre su patria.

Gorpuan, ideia nagusietako bat: Por lo demás, al resto del mundo, la cuestión le trae, asimismo, al pairo. Por muy solemnes que nos pongamos, nuestra rista de agravios históricos no les va a impresionar lo más mínimo. Creo, por ello, que más nos valdría diéramos unidos la batalla por el futuro, que obnubilarnos con nuestro particular “Campo de los mirlos”

  • Zer etortzen zaizue burura hitz horiek ikusita?

Amagoia: Iñaki gezurrez mintzo da eta hemen kontua da Erregimenaren diskurtsoa gezur handi batean dagoela oinarrituta, eta diskurtso hori mantendu behar duela halabeharrez bere hegemonia eta bere indarra mantentzeko. Diskurtso horreri edo errelato horreri argudioekin eta frogekin aurre egiten diozunean arriskuan jartzen da eta horregatik erreakzionatzen dute horrela. Noski, gezurtatu behar dute hemen Nafarroan gertatu zena. Beraien errelatoaren barrenean saltzen digutena da Nafarroa eta Espainiaren artean amodiozko historia bat dagoela, errespetuan eta elkarbizitzan oinarritua dena. Hori gezurra da, hori ez da gertatu. Orduan horreri aurre egiten diozunean beraien erantzuna oso agresibo eta erasokorra da. Hori ikusi zen adibidez Iruñeko Udalera joan ginenean Iñigo de Loyola monumentuaren harira aurkeztu genuen mozioa defenditzera, beraien diskurtsoa agitz agresiboa eta erasokorra izan zen, nolabait behartura daude hortara.

Joseba: Nik Iñaki Iriarterekin bat nator idei batekin eta hori da etorkizunaren afera. Kontua da berak faltsutzen duela bere argudiaketa. Guk dinamika hau martxan jarri genuenean ez genuen egiten iraganari begira. Guretzat iragana, gure Historia, guri nortasun kolektiboa emateko balio zaigu baina dinamika honek ez du burujabetza aldarrikatzen iraganean burujabe izan ginelako. Hori izan daiteke pisuzko argudio bat, indarra eta nortasuna ematen diguna, baino guretzat burujabetzaren inguruko erronka eta eztabaida etorkizunari begirakoa da erabat. Aipatu bezala Nafarroa burujabe ez izateak suposatzen duelako nafarron eskubideentzat galga ikaragarri bat eta ikustea besterik ez dago Madrildik azken urte guzti hauetan inposatu dizkiguten neurriak. Dela Auzitegi Konstituzionalak baliogabetutako hamaika lege ezberdinetatik, denek zerikusia zutenak nafarron oinarrizko eskubideekin, dela murrizketa ekonomiko guztiak, dela gastu araua… eta orokorrean maila ekonomikoan inposatzen zaizkigun neurri guztiak. Hoiek guztiak posible dira UPNk eta Erregimenak defendatzen duten ustezko borondatezko itun hori gezur huts galanta bat delako eta horrelakoekin hori agerian geratzen da berriz.

Nafar identidade ezberdinekin konektatzen asmatu duzuela esango zenukete?

Amagoia: Ekimenak erantzun ona izan du Nafarroa osoan jakinda anitza dela eta batzuetan lanketa bat elkarrekin aurrera eramatea ez dela erreza errealitate ezberdinak ditugulako. Hori horrela izanda ere, erantzuna agitz ona izan da iparraldetik hegoaldera. Horrek erakusten du jendeari bihotza ukitu diogula, horrelako gaiek eragina dutela nafarron sentipenetan.

Joseba: Esango nuke dinamika honek ez duela inondik inora eman dezakeen guztia eman. Uste dut jende askoz gehiagorengana iritsi daitekela baina ez guk egin edo egingo ez dugunagatik baizik eta benetan nafartasun berri bat badelako. 30 urte bizi izan ditugu non nafartasunaren patrimonioa eskuinak zeukan, Erregimenak. Katolikoek, apaizek, enpresariek, nafarroa R hirukoitz batekin ahoskatzen duten horiek eta gero justuki direnak egungo markoa defendatzen dutenak non Madrilek Nafarroan kriston erabakimena duen. Azken urte luzeetan aldaketa bat somatzen joan da eta bada nafartasun berri bat ezberdina, askoz ere aurrerakoiagoa dena, askoz ere euskaltzelagoa dena, askoz ere feministagoa dena… islatu egiten dena mugimendu sozialetan, protesta ezberdinetan…Hori ere esan genuen aurkezpenean: gurea zela katebegi askoren emaitza, borroka askoren emaitza eta finean, ideia da urteetan zehar egon den Nafarroa borrokalari hori nafar nortasun propio eta ezberdin bat sortu duela Errregimenarekin lotua zegoenarekin alderatuta.

Amagoia: Igual ere atxikimendu hori aldarrikapenaren mezua freskoa izateaz gain, ausarta ere izan delako eman da. Jendeari mezua ailegatu zaio eta esango nuke ahaldundu eta altxatu dela. Hori zen pixka bat ere bilatzen genuena, barrenak, sentimenduak astindu eta mugitzea.

Ahots eta adiera ezberdinetatik zabaldu da aldarria. Espresio artistiko ezberdinak, ekimen anitzak… komunikatzeko formatu ezberdinak erabili dituzue.

Joseba: Bai, eta adibidez oso polita iruditu zitzaigun sortu zen artisten ekimena, margolariena, sare sozialetan azaldutako hamaika marrazki ezberdinekin. Polita, batez ere ez zelako lantaldeko jendetik sustatutako zerbait izan baizik eta izan zelako propioki sortu zen zerbait. Gainera ez da bakarrik ikusten den emaitza baizik eta horrek atzetik sortzen dituen sinergiak. Kulturaren munduan dabilen jendea honen inguruko kexka azaltzea, haien artean hitzegitea eta horrek islada artistiko bat izatea bere baitan bultzada ematen diona dinamikari.

Oso arrakastatsua izan da ere Rotten XIIIk egin zuen kanta. Hori bai espresuki hitzegin genuela haiekin aukera genuelako eta ezagunak genituelako alde batetik, eta bestetik, gazte jendearengana iritsi nahi genuelako musikaren bitartez eta egia esan ekainean egin genuen manifan kriston gazte jende pila ikusi ahal izan zen eta horrek pozarrean jarri gintuen.

Uste duzue Nafarroa planteatzen dituzuen terminoetan altxatzeko grinez dagoela?

Amagoia: Nik uste dut baietz, dinamika honek baldintza batzuk sortu nahi zituen eta tresna bezala egokia izan dela eta baliogarria izan daitekela erakutsi du. Bi hilabete eskasetan egin den lanak emaitza agitz ona izan du. Ez da erraza ekimen bat aurkeztu, bi hilabetetara manifa bat deitu eta horrelako emaitza bat lortzea, Nafarroa osoan auzolan haundi bat martxan jartzea. Errealitate guztiak aintzat hartuta ere kapazak izan gara herrialde osoan herri ezberdinetan jendea aktibatzeko eta mobilizatzeko.Guretzat ere neurri batean sorpresa izan da, batez ere ikusten genuelako Nafarroako eremu ezberdinetatik jendeak nola deitzen zigun aurkezpenak egiteko, materiala saltzeko, kamiseta ere saldu da pila bat eta horrekin ere finantziatu dugu dinamika… Orduan guzti honek erakutsi du aldarrikapena gizartean txertatu dezakegula, aldarrikapen honekin bide bat egin daitekela eta badirela baldintzak eta ikusteke dago zer emanen duen eta zer segida izanen duen bino nik uste su ttiki pila bat piztu ditugula Nafarroan eta hori aprobetxatu beharko da.

Gure burua errebelde bezala aurkezten genuen, erraten genuen duela 500 urte altxatu ginela, 500 urtetan zehar behin eta berriz erantzunak egon direla Nafarroan eraso eta inposizioen kontra eta jendea identifikatu da errebeldiaren izate horrekin. Bestalde burujabetzaren aldarrikapena XXI. mendera ekartzen saiatu gara eta neurri batean lortu dugu, abiapuntua ona da.

Joseba: Nik, beste era batera esanda, esango nuke kanpo base on bat jarri dugula. Dinamika honek ezin zuen pentsatu 0tik 100era kriston burujabetza prozesua martxan jarriko zuela gurean bino uste dut oso argi dugula Nafarroan burujabetza prozesu bat mugara eramateko dinamika anitz eta zeharkako pila bat beharko direla. Hau izango da horietako bat eta argi dago tontor horretara ailegatzeko kanpo base oso on bat lortu dela eta indarra eman digula ere datorren kurtsoari begira lanean segitzeko, badugula aldarri bat iada ezaguna dena eta esaten dudan bezala, joko zelai edo kanpo base bat ona aurrera egiteko eta ziurrena datoren ikasturtean are arrakastatsuagoak diren ekimenak martxan jarriko direla.

Horri lotuta, baduzue zer esatorik, hemendik aurrera zertan izango da Nafarroa Berriz Altxa?

Momentuz udako aste hauek atseden fase bezala hartu ditugu eta irailean berriz erabaki batzuk eztabaidatu eta hartu beharko ditugu datorren kurtsoari begira. Ezin digu ihes egin hor dagoela ere Amaiurko 1522ko efemeride historikoa. Amaiurrekoa berez da plaza bat, borroka bat, askoz ezagunagoa dena Euskal Herriaren luze zabalean, Noaingoa ez bezala. Zentzu horretan uste dut aukera gehio dugula ere bultzada potente bat emateko eta istorio indartsu bat egiteko Amaiurreko hori argudio bezala hartuta bino betiere kokatuta XXI.mendean burujabetza prozesuan eta Nafarroan. Hortik aurrera gehio ezin dugu aurreratu zehaztuago ez dagoelako baina zeozer egingo da, seguru.