Euskal gizartea asaldatu zuen Euskaldunon Egunkariaren kontrako operazioa eraman zen aurrera 2003ko otsailean. Komunikabidearen itxiera ekarri zuen. Tartean, ehundaka guardia zibilen eskuhartzea, erredakzioen miaketa, langile eta zuzendaritzako kideen atxiloketa, tortura eta kartzela. Euskal prentsaren kontrako eraso berri horrek, aurretik ere Estatuak euskal komunikabideen aurka tankerakoak eginak bazituen ere, oso argi erakutsi zuen herri honen askatasunak zein punturaino zeuden ezeztatuak. Euskarazko hedabide bakarra itxi zuen Madrilek. Gizartearen hamaika sektorek gertaera arbuiatzen zuten bitartean, Diario de Navarrak operazioa agindu zuen Auzitegi Nazionalaren tesiak zabaltzera ekin zion, gupidarik gabe.
“El Juez cierra Egunkaria porque lo cree un “istrumento” de ETA” izan zen 4 zutabetara Diario de Navarraren azalak 2003ko otsailaren 21ean ekarri zuen albiste nagusia. Kazetari eta langileak inkomunikaturik zeuden momentu berean Kordobilatik intoxikazio eta kriminalizazio lanari ekin zioten. Aipatutako azaleko edukiaren sarreratxoan zein amaieran ETA aipatu zuten.
Mezu berdina zabalduz garatu zuten gertaeren jarraipena. Edizioaren lehen albistea izan zen Egunkariarena eta 2. orrian txertatutako artikuloan beste 10 aldiz irakur daiteke erakundearen izena. Albisteari eskeini zizkioten bi orrialdetako goiburuak berak iradokitzen zuen trasladatu nahi zuten ideia: “Operación Judicial contra ETA”.
Lehenengo piezaren bestelako elementuek narratiba berean sakontzen zuten. Tonu poliziala eman nahi izan zioten eta egunkari batez hitz egiten ari zirela, “Material requisado” izan zen erabili zuten tartekia. Albistearen gorpuan bildutako edukia Guardia Zibilaren eta Auzitegi Nazionalaren epaiak zabaltzen zituen nagusiki.
Egun bereko iritzi atalean ildo bereko hainbat artikulo argitaratu zituzten.
Hasteko, editorialari jarraitzen zioten zutabe nagusietako batek honako hau zuen izenburutzat: “Escalada contra ETA“. Artikuloaren gorputzan hurrengo baieztapena: “Los cargos, que afectan al director del periódico y al presidente del consejo de administración, entre otras personas, se resumen en la colaboración o en la pertenencia a ETA“. Kazeta poliziala operazioaren beste adar bat bezala, adar arriskutsua, zuzenean iritzi publikoan eskubideen kontrako eraso larri hau zuritu eta justifikatzeko helburua baitzuen.
Aldi berean, “Contra ETA“ artikuloa argitaratu zuen nafar eskuin espainolistaren agerkariak. Horrela bukatzen zuen artikuloak:
“esta reafirmación de la unidad de los constitucionalistas frente a los terroristas coincide en el tiempo con dos acciones policiales en el Pais Vasco y Navarra, como son el desmantelamiento del aparato de capatación de nuevos etarras y la detención de responsables del diario Euskaldunon Egunkaria, así como el cierre de sus sedes. No es la primera vez un medio de comunicación relacionado con las actividades de ETA es clausurado ni que se acusa a sus responsables de la colaboración con la banda terrorista.”
Diario de Navarraren iritzi atalean klasiko bat den eta indarra duen Ramón umorista grafikoak egindako binetak aski ongi laburbiltzen du eman nahi zuten ideia:
Hurrengo egunetan kasuaren jarraipena aurrera eramateko tratamendu bera aplikatu zuen Kordobilako hedabideak.
Erreparazio eza
Bidegabekeriaren zazpi urte betetzen zirela, 2010ean, Auzitegi Nazionalak atzera egin eta gezur handia onartuz zigortutako Egunkariako zuzendaritzako bost kideak absolbitu zituen. Euskal gizarteak bazekiena eta ozen aldarrikatu zuena onartu zuen espainiar salbuezpenezko auzitegiak: injustizia handi bat egin zen euskarazko hedabidearen kontra gezurretan oinarrituta.
Atzeraezinezkoa zen egindako mina eta historiarako argiki geratu zen estatu antidemokratiko baten oldarraldia. Estatu bat, erregimen bat, bere aparatu guziekin, medioak barne. Hor dago eskubiko prentsa espainolistak gurean jokatu zuen papera.
Ekin zioten erreparazioari? Errelatoan atzera egin eta nolabait justizia egiteari? Bada, ez.
Ikusi besterik ez dago 2010eko apirilaren 13 horretan Diario de Navarrak albisteari eman zion jarraipena. Operazioa azaleko alde destakatuernetara eraman bazuen, oraingo honetan albistea oharkabean pasatzeko intentzionalidadearekin diseinatu zuen. Behekaldean eta ez irudi, sumario, ezta inolako elementu bereizgarririk gabe. Pareko mailan Iruñeko landareen koloreen erreportai bat, hau bai, argazki eta guzti.
Titularraren mezua ezin lausoagoa: “La Audiencia Nacional da la razón a “Egunkaria” «. Arrazoia zertan? Gertaerak, gainera, bestelako dimentsio eta esanahi bat zuen. Hemen ez zegoen jokoan arrazoia zeinek zuen baizik eta itxitako egunkari batek, tortura eta espetxea pairatutako komunikazio arloko langile batzuek justizia izpi bat jasotzen zutela animaleko injustizia bat pairatu zutenetik zazpi urte bete zirenean. Hemen gauza da, epaileek eta Diario de Navarrak berak gezurra erabili zutela ehundaka pertsonengan, herri oso eta hizkuntz batengan ondorioak eduki zituen eraso bat oinarritzeko.
Barruan, orri bakarrean. Esan beharra dago gehiago sakontzen dela eta maila batean gertaeren funtsa jorratzen dela. Kuantitatiboki baina, ezin konparatu 2003ko egun horietan egindakoarekin. Operazioaren tratamendu hortan ez bezela, oraingoan artikulorik ez iritzi atalean.
Finean, Diario de Navarrak ez zion ekin justizia eta erreparazioaren lanari, eta zorretan zeuden. Absoluzioa egun horretako edizioaren eskaladan maila baxuenetara eramatea Diario de Navarraren ankertasun mailaren adierazle garbia da.
Euskaldunon Egunkariaren kontrako erasoa, euskal prentsaren kontrakoa finean, amorruz gogoratu dugu azken egunotan. Memoriari zor, ezin dugu alde batera utzi Nafarroako komunikabide hegemonikoak izandako jarrera. Beti izan da horrela. Herri honen eskubideen kontrako erasoak eman direnean, boterearen beste artefaktu bat izan da Diario de Navarra. Eskubideen zanpaketa beharrezkoa duen ekosistema mediatikoaren pieza nagusietako bat. Are gordinagoa da oraingoan, kontuan hartzen badugu egun horietan prentsa askatasuna bera zanpatu zutela estatu aparatuek. Hedabidea hedabide baten kontrako gertaeren euskarri.
Gizarteak amorruz begiratu zion gertatzen ari zenari. Zuzenean begiratu behar diogu ere Kordobilatik jokatu zuten paperari. Demokraziaren eta askatasunen mesede, kontzientzia hartu eta hedabide honen eraginari aurre egiten jarraitu behar dugu. Biharko tankerako erasoek horrenbeste eragina duen aparatu mediatiko bat ere tresna bezala eduki ez dezaten.