Diario de Navarrak korrika bera ixilarazi nahi izan zuenekoa

Atzoko egunez Nafarroa eta Euskal Herri osotik etorritako milaka eta milaka lagunek hasiera eman zioten euskararen aldeko ekimen kolosalari Garesen. Nafarroako erdialdeko herritik abiatu da aurtengoan Korrika, egun historikoa bada Izarbeibarren. Alta, Cordovillako erredakzioen editoreen arabera ez du garrantzi informatiborik. Zaila da gaurko edizioan maila sozialean atzo Nafarroan bizi zen albiste garrantzitsuenari buruzko erreferentziak topatzea. Azalean deus ez eta barrenean txikian eta kriminalizatuz. Desinformazioa bere maila gorenean.

Diario de Navarra Nafarroako errealitatea desitxuratzeko tresna da. Helburu horri begira egunero egunero antolatzen ditu edukiak. Oraingoan eta euskararen aldeko lanari dagokionez, Korrika ixilaraztea egokitu da. Atzo Garesen abiatu zen 21. Korrika. Egun historikoa Nafarroa erdialdeko herrian. Herrialde eta Euskal Herri osotik hurbildutako milaka herritarrek asteetako lanari azken ikutua eman zioten herriko Mena plaza leporaino betez euskararen aldeko ekimenaren hasiera hauspotzeko. Instituzioak, elkarteak, eragileak, ikastetxeak…Nafarroako ehun sozialaren babes zabala biltzen ditu Korrikak. Horren adibide lehen kilometroaren karga sinbolikoa bera: Izarbeibar eta Mañeruibarreko 16 herrietako ordezkariek eraman zuten lekukoa. Egitasmoaren dimentsio handiaren erakusle. Garesko zubia igarota Nafarroako beste txokoetarako bidea hartu zuen euskaren aldeko lasterketa. Ehundaka kilometro osatuko dira herrialdean nafar hizkuntzaren defentsan gau eta egunez arituko diren korrikalariekin.

Aparatu frankistarentzat honek ez du garrantzirik. Beren egitekoa ez da informatzea, errealitatea desitxuratu edota zuzenean eskutatzea baizik. Gaurko azalean ez dugu Korrikaren inolako erreferentziarik aurkitzen, herrialdeko gainerako prentsa idatziaren goiburuetan gertatu den bezala.

Egunkaria aztertzen hasita barnealdean zaila da ere atzokoari erreferentziatik topatzea. Eta aurkitzen dugunean, sorpresa, UPNk ikastetxeetatik ekimena babestearen kontra egindako adierazpenei leku ematen dien albiste baten ondoan azaltzen da, ondoan eta tamaina txikiagoan.

Pozoia dario Diario de Navarrari. Euskararen aldeko lana txikiagotzeko estrategiaz eraikitzen dira beren orriak. Korrikaren hasiera bezalako albiste bat bere azaleko orrialdeetan isilaraziz zuzenean eta edukia bera kriminalizatzeko egituraketa batez aurkeztuz barrenean. Ikaragarria da nafar gizarteak bere hizkuntzaren alde egiten duen lana, atzoko egun historikoa horren erakusle. Baino medio ultraeskuindarra hori deusestatzeko egiten du lan. Eta pentsatzea nafar guztien artean ordaintzen ditugula faltsukeriok…