«Kasu honek nafar gizartearen filtroa zabaltzea ekarri du, hobeto analizatzea mass-medietatik datorkion informazioa»

Urtarrilak 10 2022

Itxi berri dugun 2021. urteko protagonistetako bat izan da Adur. 2016tik protagonista gurean. Baino aurtengoa kartzela atzean uztearen urtea izan da, ez baina askatasuna lortzearena. Memoria eta gaurkotasun ariketa bat egin dugu berarekin.

Zein da egun duzuen egoera, oraindik orain guztiz itxi gabeko istorio bat da zuen kasuarena…

Oraintxe bertan denok 3. graduan gaude pultserarekin, Iñaki izan da kondena osorik bete duen lehenengo kidea. Urriaren 4ean bukatu zuen bere kondena eta guztiz libre dagoen lehenengo kidea da. Beste guztioi oraindik nahikotxo geratzen zaigu, gutxi barru sartuko gara baldintzapeko askatasunean eta hortik aurrera oraindik beste bi urte t’erdi geratuko litzaiguke askatasuna guztiz lortzeko.

Kartzelara 23-24 urtetako gazteak zinetela sartu zintuzteten. Zer suposatu dizue horrelako bizipen bat, kartzelarena, gazte izatearen aldetik?

Hori ez da berria Euskal Herriko historian. Gazteria beti izan da jopuntuan dagoen gizartearen sektore bat eta ikusi izan dugu EHko historia errepresiboan betidanik bai gazte antolakundeak nola gazte militanteak izan direla kartzelera sartzen lehenetarikoak. Gure kasuan ere horrela izandu zen ere bai, gazte sartu ginen eta gazte izaten jarraitzen dugu.

Gazte izatearena, azkenean, bada etapa bat bizitzan non proiektuak dituzun eta non, kartzelara sartuta, gelditzen diren stand by moduko batean. Sortea izan dugu, kakotx artean. kartzealdia ez delako gehiegi luzatu eta jarraitzen dugulako gure proiektuekin eta gure bizitzekin bino egia da gazte izanda gogorra dela horrelako etapa bat bizi izatea. Gainera, kartzela instituzio bezala ere bai, ez dago prestatua gazteondako eta horrek ere askozez gogorragoa egiten du.

Kartzela espazio arrotza da bere osotasunean, ezaugarri oso gogorrekin bai biolentzia aldetik, autoritarismoaren aldetik. Gazteok dugun izaera errebelde horren aurrean haien erreakzioa ere bai ezberdina da kartzela suposatzen duen horretan. Orduan hor badaude funtzionarioen autoritarismo hori, badaude drogak…gauza arrotz asko eta gazteon ikuspuntu eta perspektibatik are eta gehiago arrotzen dutenak izan bizitzaren momentutik, izan izakeragatik eta egia da ez dela berdina gazte izatea edo 40 urteko pertsona bat izatea.

Zuen kasua momentu politiko berezi batean etorri zen. EHko testuinguru eta gatazka politikoari begira bake prozesuaren hastapenak ziren, Nafarroan 40 urte ta gero aldaketa politikoa etorri zenekoa…

Guk guztiok hor irakurketa ezberdinak ditugu eta uste dut ere denbora aurrera joan ahala moldatzen ari dela bakoitza bere irakurketa. Hasieran gauza lokala zirudiena, edo gu behintzat horrela interpretatu genuena, hemen Altsasun Alde Hemendik mugimenduaren kontrako sarekada bat izatearen hori, laister ikusi genuen ez zela horrela. Bazegoela ere Espainiari begira Estatu kutsu bat eta bazegoela ere bai ikuspegi askozez zabalago bat gure kasuan.

Irakurketa bat izan daiteke behin EHko gatazka politikoa bake prozesuaren fasean egonda, bake bidera jartze horrekin ematen den kasua dela. Bai EPPK-k bere hausnarketak egina zituela, Erakundea ere bai armagabetze prozesuan sartuta zegoela… hor Estatuak, biktimen elkarteak…Estatu Sakona deitzen zaion honek nahi izan zuela nolabait torpedeatu bake prozesu hori eta espainiar gizarte eta iritzi publikoari begira ikusarazi hemen oraindik orain bazagoela bortizkeri politiko bat, bazegoela Kale Borroka, bazegoela eurek deitzen dioten Terrorismo hori. Horri begira nahi zuten mamu hori berpiztu, ohikoak ez diren haien politikak, bai penintentziarioak bai eta orokorrak justifikatu eta mantentzeko; Hemen ETA-k jarraitzen zuen egoten eta beraz haien politikak justifikagarriak ziren.

Bestetik Nafarroari begira, gure errealitate politikoa ez-ohikoa zen. Aldaketaren gobernua zegoen lehen aldiz, UPN eta PSN kanpoan zirelarik eta hor ere kudeatzeko zaila zen errealitatea zegoen. Kuatripartito bat ez da batere erreza trinkotzea eta arrakalak ere bai sortu nahi izan ziren indar politiko ezberdinen artean. Gure kasuan hor ikusi dugu lehen momentutik PNV-k zer esan duen, esaterako Geroa Baik zer esan zuen eta gerora jeltzaleek nola aldatzen joan ziren diskurtso hori herriak, Altsasuk, eman zion oihartzunarengatik eta herriak hartu zuen iritziarengatik. Orduan hori ere nik uste esanguratsua dela, zer nolako aldaketak egon diren iritzi publikoan Nafarroa bertan eta hasieran arrakala bat izan zitekeena gero batasun batean bilakatu dela.

Altsasu bezalako herri batentzat zer suposatu zuen horrelako kasu bat?

Betidanik Espainiar Estatuak egin duena, gure ustez, da medioek seinalatzen dutela eta medioek sortzen dute kontestu bat, sektore konkretu bat demonizatuz eta horren ondoren sarekada egotekotan gizarteari begira justifikatuta dago nolabait, iritzien barnean ia sartzen da medioek lehenago sortutako mezu hori eta gero justifikagarriak dira eraso horiek.

Hemen gertatu zena da ez zutela lortu kriminalizatzea hamaika gazte bakarrik, zergatik herri osoa atera zen gure alde edo behintzat gure eskubideen alde eta desproportzio honen kontra. Eta Espainiar Estatuak zer egin zuen ba saiatu herri osoa demonizatzen edo herri osoaren kontra egiten. Horrek uste dugu ez ziela fruiturik eman zeren eta Nafarroako iritzi publikoa konturatu zen herri oso bat, Altsasu oso bat, ari zirela demonizatzen zeren herri osoa atera zen gu defendatzera eta esaten den moduan ikusi genuen “ke se pasaron de roska” Hori guztia nafar gizarteari begira eta EHKo gizarteari begira ez zuen kalatu eta historikoki erabili izan duten arma hori ez zitzaien ongi atera.

Nolakoa izan da Nafar gizartearen erantzuna?

Nahiko ez-ohikoa izan dela esan dezakegu. Eskualde asko atera dira kalera, bai Lizarraldea, Erdialdea, Tafallaldea, Erribera. Nafarroako bira bera dugu, Nafarroa osoa atera zen kalera. Hori zoritxarrez ez da izan horrela orain arte eta ikusi dugu nola Nafarroako sektore ideologiko ezberdinak antolatu diren eta kalera atera diren. Hori ez da batere ohikoa gainontzeko antzerako dinamiketan

Bai uste dut bai egon dela sentimen bat Nafarroako edozein tokitako gazteak izan zitekela gure azalean egon zitekenak eta kriston sentsibilizazio handia  eman da bai gazte mailan gazteek ikusten zutela beraiek gure tokian egon zitekela eta bai jende helduaren aldetik Nafarroako gazteak defendatze bidera

Uste duzu Erregimena deitzen den hori ukitua atera dela?

Batetik uste dut Guardia Zibila eta orohar espainiar eskuin muturra eta mass media espainolista guztiak atera direla kolpatutak edo behintzat ikututa, deslegitimatuak lehen baino gehiago, bai Diario de Navarra izan daitekeen bezala Nafarroan. Gaur da eguna espainiar mass mediei begira jendeak gutxienez bitan pentsatzen duela jaurtitzen duten mezua. Nik uste dut kasu honek eragin duela nafar gizartearen filtroa zabaltzea eta analizatzea hobeto mass medietatik datorkion informazioa, filtro hori haunditzeari begira aurrerapausoak ekarri ditu kasuak.

Altsasun, egoera elektoralari begira da gauza bat gertatu dena. Lehen indar politiko guztiak zeuden ordezkatuta, bai UPNtik hasi eta EH Bildurarte, PSN, GB, Podemos, denak. Honen ondoren soiik GB eta EHB dute ordezkaritza. Dena den nik uste dut hori izan zela zerbait koiunturala eta hurrengo hauteskundetan berriz ere bueltatuko dela aurreko argazkia, agian ez lehengo egoeraren tamainan baino bai egun dagoen egoera gaindituko dela. Nik uste dut abertzaleak ez ziren pertsonen batasuna eman diola bozka GBri, argiki EHBri ez zioten eman behar eta beno, Altsasuko alkatea izan delako momentu horretan Altsasuren ordezkari izatearen lekua hartu duena.

Hemen berriz aipatu beharra dut, gonbidatzen diot jendeari egiteko hemeroteka ariketa bat. GB zer zioen gertakariak eman eta hurrengo egunean, eta gure alkateak zer esan zuen gertatu eta gero. Eta da erosi zuela Diario de Navarra eta mass mediek bota zuten mezua. Kontrastatu beharrean eta Altsasukoa izanda eta aukera edukita gurekin edo edozeinekin kontrastatzeko bera jun zen edo gehitu zen mezu orokorrera eta espainiatik etorri zen mezu hortara eta uste dut hori aipagarria dela.

Bost urte latz izan dira baino Altsasu herri bizia da egun?

Bai, Altsasu beti izan da herri bizi bat, bai sektore ezberdinetan bai gazte mailan.Badauka Gazte Asanblada bat, badauka Gaztetxe bat, baditu eragile pilo bat, baditu elkarte ezberdinak eta nahiz eta gure kasua izan zen zerbait ez ohikoa eta jende ez militatntea eta herria bere osotasunean kalera atera zen eta inplikatu zen orain pixkanaka normaltasunera itzuli da, lehengo egoerara eta orain bakoitza bere espaziotik eta bere interesko puntutik lanean jarraitzen du.

Diario de Navarra, Altsasun galerak izan dituen kasuaren jaurtitzailea

Muntai guzti honek ezaguna den gezur handi bat zuen atzean. Gezur hori eraikitzeko orduan oso agerikoa izan zen medioen papera eta zehazki oso erasokorra izan zen eta rol zentrala hartu zuen Diario de Navarra bat aurkitzen dugu. Bera izan zen gezurra eraikitzen lehena, bera izan zen gertakarien goizean bertan azalera eraman zuena. Honako artikuloan azaltzen genuen medioak jokatutako ekinbide hori:

Kasu honetan oso modu agerikoan geratu den aparatu erasokorra da Diario de Navarra. Agerian geratze hori Altsasun zer ondorio eduki duen neurtzeko ariketa bat egin dugu elkarrizketa bitartean. Adurrekin batera herriko prentsa saltokietara joan eta egunkari honen salmentak bilakerarik izan duten galdetu diegu saltzaileei.

Lehena herri erdian dagoen kiosko bat bisitatu dugu, kiosko txikia eta Adurrek azaldu bezela herriko prentsa saltokirik zaharrena agian.

Bertan Luisek honakoa adierazi digu:

“Ez da asko aldatu bere salmenta, azkenean Diario de Navarra menderaezinek irakurtzen dute eta azkenean jendeak irakurtzen du irakurri nahi duena. Egia da Noticias baino pixkat gutxiago saltzen dela  bino asko ez dut nabaritu. 70 bat urteko jendeak, bizitza guztian zehar irakurri duena irakurtzen jarraitzen du. Pixkat nabaritu bai, baino ez gehiegi.”

Bestelakoa izan da bisitatu dugun beste saltokian eman diguten testigantza. Prentsaz gain bestelakoak ere saltzen dituzte bertan. Bezeroak ere beste perfil bat dutela nabaritzen da, erosle gazteagoa sartzen da bertara.  Bertako langileek honakoa adierazi digute:

“Bere salmentak nabarmen egin du bera, Noticiasen mesederako. badago ere Garara pasatu denik. Orain esango genuke bere egunean saltzen zen herena saltzen dela. Momentuan haserre oso nabari bat antzeman zen eta bere salmentak erdira jeitsi zirela ere esan genezake. Esanguratsua da izan duten jeitsiera. Jende asko sumindu zen gertatutakoarekin eta horrek bere islada izan zuen. Bai adin ertaina duen jendearen artean bai eta jende adinduan. Askok eta askok esaten zuten seme alabek galdeginda utzi ziotela Diario de Navarra erosteari. Egia da bere irakurlegoaren zati handi bat ez dela edukiengatik joaten bere orrietara baizik eta ohiturengatik, eskelen kontuengatik. Eta bai eragin duten haserrea egin dutenarekin nabaritu da bere salmentan”

Adurrek ere anekdota txiki bat kontatu digu honen inguruan:

Adibide bezela amonak 80 urte ta piko dituen andrea da eta tradizioz Diario de Navarraren irakurlea da. Gure kasuaren harira haserretu zen eta utzi zion Diario de Navarra erosteari.