Mozketaren urteurrena: Julio Villanuevarekin, desobedientzia pertsonan den harekin, solasean

Apirilak 08 2021

25 urte kableak moztu zituztenetik eta hemen, Iruñeako txoko izkutatu batean elkartu gara Itoitzekiko Solidarioak taldearen kide Julio Villanuevarekin. Ez da erraza izan gaur elkar topatzea. Elkarrizketak, bilerak eta bestelakoak amaitu dituenean, alarma egoerak ezarritako etxeratze ordutegitik gertu, hura baino berandurarte luzatuko den solasaldirako pizten dugu grabagailua. Konturatu gabe, bada, desobedientzia ariketa bat egitera.

Mende laurdena betetzen dira gaur Itoitzko kableak moztu zituztenetik. Nola gogoratzen duzu garai hura eta solidarioen bizipen bera?

Azkenean kontu gaxi goxo bat izan da. Saiatu ginen geldiarazten obra betiko eta horretan egia da ez dugula arrakastarik izan. Gure borrokaren jokamolde hori zabaldu izana dago ere eta hor dago beste koxka bat. Askotan horrelako ekintzak gauz anekdotikoak bezala geratzen dira, baina azkenean hortik eratorritako zentzu hori aldarrikatu behar dugu. Desobedientzia, posible zilegi eta ezinbestekoa dela. Hain zuzen ere desobedientzia izan baitda Askatasunaren bidea, desobedientziarik gabe Askatasunik ez dagoelako.

Are gehiago, kontuan hartuta egungo testuingu orokor ezin txarrago batean bizi garela. Alegia, egun gizartea ezagutzen dugun bezela edo lurra ezagutzen dugun bezela agian ezbaian dagoen kontu bat dela eta ikusten dugula amildegira gero eta gutxiago geratzen zaigula.

Hau da, esan nahi diat horrelako krisialdi ekologiko orokor batean bizi garela, egungo pandemia lekuko, eta horri aurre egin beharretan gaudela. Orduan egun desobedientzia inoiz baino beharrezkoagoa da benetan guzti honi buelta emateko.

Auzitegi Nazionalak berak obra ilegala bezala izendatua zuen mozketa egin zenuten momentuan. Ez da gutxi. Hala ere ekintza zuzen baten bidez gelditu behar…

Bai hori duk, guk azkenean txantxetan askotan esan ohi dugu gu izan ginela Audientzi Nazionalaren beso eragilea. Hilabete gutxi lehenago ANk esan zuen azpiegitura hori ez legal eta nuloa zela eta orduan nolabait guk ere zilegitasun hori ikusten genuen, hori praktikara eramateko egin genuena eginez.

Zer gertatzen zen, ANk aitzaki gisa jarri zuela Koordinadorak berak eraman zuen auzibide juridiko horretan 24.000.000 pta. ordaindu beharra zituela fidantza gisa obrak benetan de fakto gelditzeko. Bistan da hori ezinezkoa zela. Hori ordaintzea ez Koordinadoreak ez inor ezin zuen egin eta orduan guk inoiz baino zilegiago ikusi genuen ekintza horren beharrezkotasuna eta horregatikan ekin genion. Zilegitasun osoz, beti Solidariook egin dugun ekintza moldea segituz eta erantzunkizuna gure gain hartuz. Ikusten baitgenuen boterearen eta Estatuaren logika hori ere apurtzen genuela nolabait.

Beraiek obra ilegala zela esaten zebiltzan bino ez zuten gelditzen. Orduan, inoiz baino zilegitasun handia ikusten genuen kableak errotik mozteko. Hori erabaki eta hori egin, egin genuen.

Gaxi goxotasunez mintzatzen zara. Fruitu ederrak utzi zituen ekintzak, baita ere, baina, kriminalizazio eta erasoaldi handi bat. Gezur latzak eraiki behar izan zituzten gerora eman nahi zuten kolperako. Komunikatiboki ere fruituok neutralizatzera jarri ziren. Gogoan duzu nola hasi ziren, ze osagaiekin, errelatoa eraikitzen?

Errelatoa erabatekoa eta suntsigarria izan zen. Hamabost eguneko matraka mediatikoa emanaz, sekulako txikizioa egin genuela, terroristak ginela, 300 langile langabezian usten genituela eta horrelakoak botaz.

Gaur egun, azkenaldi honetan, Altsasun eta planteatu den antzeko kanpaina bat bezala dut gogoan, kriminalizazioari begira. Bestalde, langileak ere gure kontra jarri zituzten. Gu deklaratzera joan gineneko irudi horiek guztiz gogoangarriak dira. Auzitegian sartu ginenean, bagenituen, 80 bat energumeno, pantanero, ze hoiek pantanero ziren, langabezira gu bideratuak izan zirela sinetsita eta noski, sutan, gu lintxatu nahiean eta azkenera Guardia Zibila gu babesten… oso bortitza izan zen hori.

Gero, egunero, Diario de Navarra eta Diario de Noticias garai hartako Diario de Noticiasen aitzindari moduko bat ere, Navarra Hoy edo holako batenbat… denek kanpaina egin zuten gure kontra. Gogorra izan zen.

Dena den, ekintzaren gardentasunak nolabait kanpaina kriminalizatzaile hori alperrikatzea lortu zuen ere. Herri xeheak ikusi zuen bertan ekintza egin eta bertan gelditzen diren ekintzaileak ginela, ihes egiten ez dutenak. Horrek ere jarrera oso etikoa eta ulerkorra izan zitekela erakusten zuen.

Gogoratu beharra dago garai horretan hemen, Euskal Herrian, bizi zen bortizkeri giroa, bi aldetatik, Orduan guk beste alternatiba bat plantetzen genuen. Desobedientzia Zibilarena. Momentu hortan ikusten genuen hori, egin beharrekoak, ekintza zuzen publikoak behar zutela izan. Hortara zetorren ere kazetariak eramatearena. Ikustaratsi behar zen gardentasun horren islada beraiek ere izan zezaten.

Nik uste gatazka politiko hori irabazi genuela. Gu kartzelan geundela ta hori, bino legitimidade politiko handia genuela gure ekintzaren gardentasuna medio eta horregatikan bi hilabete pasta atera gintuzten.

Kartzelan ere ekin genion desobeditzeari. Hasiera batean fidantza bat eskatu ziguten eta guk uko egin genion ordaintzeari eta grose grebari ekin genioan. Nolabait anplifikatu nahi genuen ere desobedietntzia hori kartzelatik pixkot garai hartan Insumisoek egiten zuten moduan ere. Izango da nik uste mundu mailan eman den gose grebarik motzena eta arrakastatsuena zeren egun baten bueltan kanpoan geunden eta fidantza ordaindu gabe. Alde hortatikan ere gure arrakasta izan zen kartzelatik alde egitea.

Kanpoan ere jende asko zegoen gure alde ta adibidez Solidarioekin Solidarioak zabaldu zen, oso fenomeno polita izan zena. Desobedientzia hainbat tokitan barreiatu zen; Madrilen, Bartzelona Donostin, Bilbon, Gasteizen, hamaika ekintza egin izan ziren gure alde. Hori oso polita izan zen ere. Anplifikatu zela desobedientzia eta gu beti masibotasunaren kontzeptu hori zabaldu nahi genuen eta momentu batzutan nahiko masiboa izatera pasatu zela.

Errelatoaz ari ginen. Lagunduko zaitut. Egin dezagun jolas bat. Hemerotekan egon gara duela 25 urtetako apirila hortako Diario de Navarra ikertzen. Galde erantzun azkarrak botako dizkizugu:

  • 1996ko apirila. Ekintzaren egunetik, apirilaren 6tik, hile amaierarte zenbat egunetan agetu zineten egunkarian? Izan zen… nik gogoan dut hamabost egun egunero egunero gutaz hizketan
  • 20 izan ziren, apirilak izan zituen 23 egunetatik 20. Zenbat azal? Ez zekiat bino bai batzuk, nik uste bai TITULAR HANDIAK. Hor sekulako mobida izan zen, Nafarroan kalapita handia sortu zen
  • 10, hilabete erdiz portadara. Hilabete osoko hitz erabiliena? Terroristak
  • «Sabotaje». Sabotaje, noski modu guztiz manipulatuan, normalean ulertzen da sabotaia dela gauza klandestinoa eta gurea izan zen ekintza publikoa, bistan da
  • 98ra goaz, epaiketa hasten da. Hitz destakatuena albiste hortan. Portadan zein barruan? Solidarios culpables…
  • Sabotaje. Sentzentziaren eguna? Terrorismoarekin ere jokatu zuten asko, ekoterroristak eta, ikaragarria izan zen. Zortzikoteko batek egin zuen justu egunotako albistegietan guri jarritako kalifikatiboak bildu eta , kar kar kar, 100 bat edo lortu zizkian, kar kar kar, hori azkenen galdu zuen bino interesgarria litzateke gaur edukitzea. 100 bat kalifikatibo
  • Diario de Navarrak istorioarekin loturiko azken berria argitaratuta noiz duela esango zenuke? Neretako kableen mozketaren mobida gai bezala hartuta, albistegiak eta egiten dituztenek, ba duela gutxi arte…
  • Gaur. Ze hitzekin titulatzen dute gaurko edukia? Sabotaje
  • Bai. Kar kar kar, oso tradizionalistak direlako, kar kar kar, behin esaten badute saboteadoreak direla bueno, orain ere mantentzen dute.
  • Zer esaten dute, zer gertatu zela kontatzen dute, zer informazio eta datu azpimarratu? «El sabotaje a la obra llevó al paro a 300 personas y causaron», egon, zenbat zen, 1000  o 2000, ea, zenbat ziren ehhh bi mila milioi pta gutxi da ez? Ehhh «200 millones de ptas en daños»
  • Bai datu horiek ematen dituzte, bino ez duzu guztiz asmatu. Gehien azpimarratzen dutena eta finean gertatu zena azpimarratzeko, hau: «los saboteadores agredieron e inmovilizaron a un vigilante jurado.”

Ariketa horretan, berrikuspenean, harritu gaitu ere Diario de Navarra obrerista bat aurkitu dugula. DN langileen eskubideen defendatsaile sutsu gisa aritu zen egun horietan. Hor ere, eragina. Langile Klasearen aldeko Diario de Navarra eragin zenuten…

Noski nik uste beraiek sasatu zirela ere langileak gure kontra biltzeko eta bortizki eta ostia! benetan oso erasokorra izan zen beraien jarrera. Baino kuriosoki handik astebetera denok lana zuten, denak azkar batean birkokatu, autobiak, harat honat… Noski garai hortan obra pila egiten ari ziren eta berehala denak kolokatuta zeuden. Hori kaleko jendeari ez zitzaion gertatzen. Lanik gabe geratu eta egun batetik bestera lana izatea berriro. Ikusi zen benetan langileak manipulatuak izan zirela eta beste aldetikan gero euren saria izan zutela nolabait.

Zuek ez zineten sabotari bezala aurkeztu. Deconstrucciones Itoiz-ko langileak zineten. Publikoki, zuen lan-monoarekin ta guzti joan zineten lana burutzera. Gerora etorri zen epaiketara ere horrela aukeztu. Irudia, hitz-jokoa, komunikazioa finean asko ustiatu eta zaintzen zenuten osagaia zen, ezta?

Bai, nik uste interesgarria zela ere publikoa egiten zen moduaz hitz egitaraztea. Noski dena da eszenografia bat eta azken finean hori lantzen zen. Gero komunikazioa guretako oso funtsezkoa izan zen adibidez ekintza hortan hainbat prentsakidekin harremanetan jartzea eta nolabait hor egotea ta publikotasun hori bermatzearren eta bai nik uste interesgarri izan zela.

Irudikatuz modu humoretsu batean edo, gu nolabait Auzitegi Nazionalaren beso eragilea ginela. Beraiek nulotzat eta ez legaltzat hartzen bazuten gu lan hori egitera, obra gelditzera, gentozela.

Gerora Europako martxari ekin zenioten eta dena giraren pelikula eder batzuetan jaso. VHSan zabaldutako pelikulak. Zer garrantzia du komunikaziotik ere eragitea desobedientziaren borroka moldean?

Nik uste, ostia oso inportatea zela, hik esaten hukena justo garai hartan gainera, gu Europara goazen garai hartan izan zen nolabait Internet ekarri zuen jauzi teknologiko hura.

Gogoan dut, Europara jun behar gindukela eta nolabait ekintza prestatzeko, harremanetarako, hitzaldietarako…behar genuela komunikazio azkar bat eta ordun internet guretako izan zen…Momentu horretan, nik ez nekien deus horren ingurun. Oraindikan dut gogoan etxe batean geundela denak ikastaldi bat egiten, tipo bat etorri zela erakustera…klaro eraman ginun holako portatil prehistoriko bat…Oliver…holako bat, handia eta portatil horrekin egiten genituen gure komunikazioak… posta elektronikoen bidez, zerrendak… Guretako zientzia fikzioa zen bino azkenean ezinbestean erabili beharrean geuden.

Telefono mugikorrena ere. Hemen oso gutxi erabiltzen zirenak, erosi behar zenuen gainera Estatu bakoitzeko telefono bat…orduan abiatu ginen 11 telefonokin ere, guretako erokeria zen guzti hori.

Orduan Europako bira hori mediatikoki zabaltzeko oso lan interesgarria egin zen.

Gero harremanetan jartzen ginen hango bideogile batzukin ere. Beti, harremana bertakoekin egiten saiatzen ginen. Bertakoek egiten ziguten bideoa, horrela gindoazen herrialdetan asko zabaltzea lortzen genuelarik. Euskal Herrira ere asko etortzen zen…

Gogoan dut hori, jendea hor zegoela..ea ea ea ea hurrengoa noiz egingo duten eta zer egingo duten eta Europako Birak ere espektatibak sortzen zitun..ez? Ea Solidarioak non daude…eta…hori komunikazioari esker gertatu zen

Bestalde ETBn ere asko atera ziguten. Noski, ere interesatzen zitzaion, PNV urtegiaren kontra baitzeon eta ordun nolabait anplifikazio bat ere izan genuen aldarte hortatikan. ETBkoak adibidez enteratzen zirela gu Bruselasen geudela edo Londonen edo Erroman ta noski, bidaltzen ziguten korrespontsal bat. Beraiek bazekiten, hori ere landu genuen, beraiek jakitea non egongo ginen eta…

Horrek, noski, asko lagundu gintuen ere mediatikoki guzti hori zabaltzeko eta hemen, Euskal Herrian, nik uste oso intentsidade handiz bizi izan zela Europako girako bideo ekoizpen guztia.

Bukatzeko, borroka antidesarrollistan erabetean zaude egun ere. Betiere desobedientzia eta ekintza zuzenaren bidez. Zergatik borroka molde hau?

Momentu honetan beheraldi moduko bat ikusten dut nik. Egia da ere Estatuak oso tresna eraginkorrak hautatu dituela, alegia, Zigor Kodearen gogortzea, honen enegarren errebisioa, hurrengoa aurrekoaren geroz eta gogorragoa.

Bestalde Mozal Legeak ere ikusten dut izan dela nolabait desobedientziaren puntu ahulena erasotzea eta nik uste, lortzen ari direala. Gaur egun pertsona bat liatzen ahal duk edo besteari edo lagun bati esan eta..ta bai, ekintza baten bai baino…600 euro, 900 euro. Ordun azkenean solbente baldin bahaiz…hiru ekintza pasata inor ez da gaten hurrengo edo laugarrenera. Alde hortatikan Estatuak baliatzen ari dira tresna errepresibo horiek.

Baina beste alde batetik ere, nik uste garai hartan planteatzen zen desobedientzia molde hori adibidez, talde txiki eta teknikoa edo…beno, ez ginela batere teknikoak bino, nolabait izan liteke horrelako talde bat 10 15 lagun eta, bino noski, gaur egun kontextu errepresibo hau ikusita…esaiozu Hasel-i adibidez… oso testuinguru errepresiboan gaude eta jende askok esaten du Turkiaren pare gaudela, kriminalizazioaren aldetik eta gehienbat Mugimendu Sozialak eta Kulturalak, raperoak..Haselena kasu ezin nabarmenagoa da

Orduan edo planteatzen duk horrelako desobedientzia zibil masiboa nolabait euren botere errepresiboari denon artean aurre egiteko, zenbat eta pertsona gehio parte hartu desobedientzian nolabait babes handiago lortuz eta indar gehiago gizartearen aldetik, nik uste alde hortatikan jo behar dugula.

Noski zaila duk horrelako estrategia bat garatzea bino nik uste ere beharrak ere beharko gaituela. Datozen garaiak desobedientziaz ez badugu planteatzen gureak egin du. Bolada latzak datozkigu eta ez badugu benetan horrelako estrategia desobediente masibo bat planteatzen nik gaizki ikusten dut, ez?

Grabagailua itzali eta jabetu gara etxera orduz kanpo joateko tenoreak harrapatu gaituela. Pentsatu nola egingo dugun etxeratzeko bidea, eta alde egin, kalexkak baliatuz eta bidegurutze baten agur esan diogu elkarri. Ongi atera zaigu, gaur ere.