Euskararen egoera bere historiari lotuta dago

Azaroak 11 2020

Euskara eta Administrazioa. Historiak euskaldunoi utzi digun kudeaketak erabetean eragin dio gure hizkuntzari. Diario de Navarra kolaboratzaile leiala izan da euskararen atzerakada kudeatzeko orduan. Administrazioan Euskaraz Taldea-ko Joseba Otano Villanuevarekin solastu gara euskara egungo egoerara ekarri duten klabe historikoei buruz.

Euskara izan al zen erromatarren inbasiotik Iberiar Penintsulan bizirik atera zen hizkuntza bakarra?

Bai. Peninstulan hainbat hizkuntza zeuden eta seguruenik Iberoa zen garrantzitsuena. Dena dela, badirudi euskarak eremu zabalak galdu zituela Pirinioetan bai eta egungo Akitaniaren zai batean (gaur egun estatu frantsesa) ere.

Nafarroako Erresuma izan al zen baskoien estatua?

Jatorrian, eta iada arabiarrek bisigodoak gaindituta zituztela, frankoekin eramandako borrokan jaio zen gehiago, arabiarrekin banalerro bat egin nahi baitzuen. Orduan, baskoien erresuma zen, bertako biztanleen artean euskara hizkuntza hegemonikoa zen lurraldea.

Gaztelak Nafarroa konkistatu izanak eragina izan zuen euskararen egoeran?

Bai. Lehenengo, 1200. urte inguruan galdutako lurraldeetan (gaur egun Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa osatzen dituztenak). Gaztelarrek postu garrantzitsuenak lortu zituzten eta euren hizkuntza hedatzen joan ziren hasieran prozesu motela izan bazen ere. Nafarroa Behereak 1620 arte mantendu zuen bere subiranotasuna, alegia, Frantziak anexionatu zuen arte (formalki, errege bera mantendu zuen erresuma bat izan zen 1789ko frantziar iraultzararte). Ipar Euskal Herri osoak, Frantziaren menpean egonda, asimilazio prozesu bat hasi zuen, data nagusiak 1789 eta Lehen Mundu Gerra (1914-1918) izan ziren arren.

Foruen galerak euskararen egoeran eraginik izan zuen?

Ordura arte, formalki, errege bera zuten erresuma ezberdinak ziren eta mugak mantentzen ziren. Subiranotasunaren azken aztarnak galtzeak gaztelaniaren hedapen azkarreko eta euskararen galera handiko garai bati hasiera eman zion, oraindik Nafarroako biztanleriaren gehiengoaren hizkuntza zena 1876. urtean bukatu ziren karlistaden aurretik.

Eta diktadura frankistak izan zuen eraginik?

Debekatu egin zuen. Pentsa, hilerritako hilarrietatik ere desagerrarazi zuen. Hala ere, oraindik indarra zuen herrietan mantendu zen. Diktaduraren amaieran, ordea, biztanlego euskalduna biztanlego osoaren % 10 baino ez zen.

Espainiar demokraziaren etorreratekin egoerak hobera egin zuen?

Bai. Ikastolak legeztatu ziren gutxienez eta D eredua irakaskuntza publikoan zabaldu. Euskarazko hedabideak ere agertu ziren. Baina hasieratik alderdi espainolistak gehiengoa izan ziren Nafarroako Parlamentuan eta euren lana euskararen hedapena mugatzea izan zen. Nafarroa hiru eremutan banatu zuten: eremu euskalduna (non elebitasuna, hots gaztelania/euskara sustatzen zen), eremu ez-euskalduna (non euskarak ia arreta guztia galtzen zuen) eta eremu mistoa (non Administrazioen esku uzten zen euskara sustatzea, baina eskubiderik aitortu gabe, bertan euskarak ez baitu izaera ofizialik).

Navarra Sumak eta Diario de Navarrak diote aurreko kuatripartitoaren Nafar Gobernuak eta baita oraingoak ere euskara inposatzen saiatzen dela.

Foru Komunitateko Administrazioa, UPNrekin, erdal administrazio elebakarra izateko diseinatua izan da salbuespen batzuekin (lanpostuen % 1a inguruk dute hizkuntza-eskakizun elebiduna, betiere irakaslegoaren sektorea kontuan hartu gabe). Egungo gobernuak ez du egoera hori aldatzeko inolako asmorik. Aurreko kuatripartitoak lau urte galdu zituen egoera hori aldatu gabe.

Baina euskara meritu gisa baloratzearena Administrazioan sartzeko dagoen oztopo gaindiezina da UGTren arabera.

Osasunbidean eta Foruzaingoan baino ez da erabiltzen lehiaketa-oposizioaren formula (foruzaingoan oso lanpostu gutxi daudelarik). Gainerako sailetan oposizio-sistema erabiltzen da. Hau da, ez dago euskararen baloraziorik.

Jakina, egoera honetan, oposizio-lehiaketak gutxiengoa dira Nafarroako Gobernuko Administrazioan. Epaileen azken epaiaren ondoren, Euskararen Dekretuaren bi puntu baliogabetuta, Nafarroako Gobernuak jada ez du euskara baloratzen oposizio-lehiaketetan eremu mistoari dagokionez (eremu “ez-euskaldunean” ez du inoiz edo ia inoiz baloratu). Esan daiteke une honetan eremu euskalduneko Osasunbidean baino ez dela baloratzen, nahiz eta ospitaleak hortik kanpo egon. Foruzaingoak eremu euskaldunean kuartelik ez badu deialdietan ere ez dute baloratuko.

Aurreko kuatripartitoak oposizio-lehiaketetan euskararen balorazioa bikoitza izatea baino ez zuen egin. Baina hain puntuazio txikia zenez, eremu mistoan % 1 inguru igo behar zen, eta eremu euskaldunean % 2 (eremu “ez-euskaldunean” zeroren bikoitza zero izan zen). Ekarpen hori hain urria izan arren epaileek baliogabetu egin zuten.

Eremu ez euskaldunean euskararen balorazioa %11koa da

Osasunbideko lanpostuetarako % 11 baloratuko da. Baina gainerako merezimenduen balorazioaren % 11 da, ez deialdiko puntuen % 11. Oro har, gainontzeko merituak 100etik 39 puntukoak dira eta, beraz, euskararen balorazioa deialdiko puntuen % 4,29 da. Baina merezimenduen baremoak 40 puntuko muga du. Hau da, bi hautagaiek merezimenduen 39 puntu horiek lortzen badituzte eta horietako batek euskaraz badaki, euskarari esker puntu bakarreko aldea jasoko du.

Osasunbideak dio egoera hipotetikoa dela. Oso gutxitan lortuko du inork 39 puntuko meritua.

Seguru asko hala izango da, baina sistema horrek euskara ez den beste meritu batzuetan puntuak bilatzera bultzatzen du jendea, euskarak beti denbora eta ahalegin handiagoa eskatzen baitu.

D ereduak aurrerapauso handien garaia izan zuen, baina, ondoren, bere hedapena erabat gelditu zen.

Irakaskuntza publikoan D eredua debekatuta egon da eremu “ez euskaldunean” duela oso gutxi arte. Nafarroako gainerako lurraldeetan ezarpen handia lortu zuen, ia erabatekoa eremu euskaldunean. Baina bere hedapena gelditzeko UPNren Nafarroako Gobernuak (Barcinaren garaia) PAI delakoa sustatu zuen (gaztelaniazko irakaskuntza ingelesezko irakasgai batzuekin), gurasoei sinetsaraziz beren seme-alabek horrela ingelesa ondo ikasiko zutela. Hori oso erdipurdiko egi bat da asko jota hizkuntza honen ezagutza mugatua lortzen baita, Nafarroako ikastoletan eskuratzen dena baino ez askoz handiagoa.

PSOEren eta “Diario de Navarra”ren babesa garrantzitsua izan zen PAIren garapenean. PAI programa ez da inolaz ere gurasoen borrokaren emaitza gisa garatu, argi eta garbi Administrazioak bultzatuta garatu da. PAItik irtetea ere ez da erraza. Nafarroako Gobernuak ezezkoa eman zion Castejongo ikastetxeari.

D ereduak horma bat aurkitu du PAI ezarri den zentroetan. D eredua eremu “ez-euskaldunean” ezartzea baimendu denean, tradiziorik ezak eta PAI berak orain arte arrakasta oso mugatua izatea eragin dute, nahiz eta denborarekin bilakaera alda daitekeen.

Eta udalek, Nafarroako Gobernuaren jokabide bera dute?

Nafarroako Gobernua, 16.000 langilerekin, Nafarroako enpresarik garrantzitsuena da. Euskararen eskakizunari dagokionean oso adibide txarra da Nafarroako gainerako administrazioentzat.

Euskararen balorazioari dagokionez esan daiteke gaur egun lau eremu daudela Nafarroan eta bestalde, hiriburuko Udala.

Eremu “ez-euskaldunean” ez da eskatzen euskara jakitea, ez eta baloratzen kasu anekdotikoren bat izan ezik.

Eremu euskaldunean normalean euskara jakitea eskatzen da Administrazioan sartzeko, nahiz eta salbuespen txiki batzuk egon udal batzuetan publikoarekin zuzenean lotuta ez dauden lanpostuetan.

Eremu mistoa bitan banatuta dago. Zonifikazioaren lehen garaietatik eremu mistoan dauden udaletan euskara kontuan hartzen dute beren deialdietan. Hizkuntza-eskakizun elebiduneko lanpostu-kopuru jakin bat dute eta gainerakoetan euskara balioesten dute. Denek ez dute berdin jokatzen, aldaketak daude haien artean, baina esan daiteke hori dela ildo orokorra.

Ondoren, eremu mistoan sartzea eskatu zuten 43 udalak daude, Legebiltzarrak 2017an sartu zituen horiek. Ameskeri bat izan zen, koiunturaren araberako kanpaina bat. Eremu “ez euskaldunean” jarraituko balute bezala jokatzen jarraitzen dute. Haien jardunak antz handiagoa du udal horiekin eremu mistoko gainerako udalekin baino.

Iruñeko Udala beti izan da eremu mistoko puntu beltza euskararen balorazioari dagokionez. Aurreko laurtekoari aldaketarako borondatea suposatzen zitzaion. Baina ia ez zen aldaketarik egon elebidunen lanpostuetan (bi haur-eskolatan izan ezik). Euskara meritu gisa balioestea erabateko inkoherentziaren baitan egin zuen. Deialdi batzuetan nahiko ondo baloratzen zuen ( % 10) baina beti zuen lehentasuna barne zerrenda batek, non euskara ez zen baloratzen. Balorazio altu horrek bere kritikak izan zituen, baina oharkabean pasa zen deialdi gehienetan euskara ez zuela baloratzen. Eta azkenik, erremate gisa, plaza finkoak atera ahal izan zituenean, deialdi horietan euskara ez baloratzea erabaki zuen. Hemendik aurrera euskararen balorazioa txarragoa izango da, baina kuatripartitoak utzitako balantze horrekin ez da “iraultza” moduko bat ekarriko duen neurri bat izango izango.