Diario de Navarra ez da irrien lagun

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoei egindako betoaren aurrean Diario de Navarrak erakutsitako jarrera argia izan da: Iruñean emandako babes sozial eta herrikoi zabala ixilarazi eta Enrique Maiaren zein Trifatxitoaren tesien zabalpen zabala. Legalitatea bera aldrebestu behar izan badute ere.

Nafarroaren Kontseilua Iruñeko udalak hartu duen erabakiaren aurka agertu bada ere Enrique Maiak kontratua etetea erabaki du. Diario de Navarrak, eskapismoan aditua, ez du inondik inora aipatzen erakunde aholku-emaileak izan duen ebazpenaren zentzua eta eskuineko alkate euskarafoboaren argudioak azaltzera mugatzen da sinadurarik gabeko Europa Press-en prentsa ohar baten bidez.

Errealitatea aldrebestuz, legalitatez jantzi du Maiaren erabakia. Izan ere, alkatea entzungor agertu da berak eskatutako eta pailazoei zein aurreko udal gobernuari arrazoia ematen dion txosten juridikoaren aurrean. Diario de Navarra irakurrita baten batek pentsa zezakeen legalitatea beto ideologikoarekin lerratu dela.

Horrelakoa izan da auziaren jarraipena hasieratik.

Azaroaren 18a, Enrique Mayak eta Trifatxitoak Pirritx, Porrotx eta Marimototsen emanaldia bertan behera uzteko nahiaren aurrean pailazoek prentsaurrekoa deitua zuten. Deialdiari erantzunez eta modu espontaneoan ehundaka lagun, irrien lagun, hurbildu ziren iruñeko kale nagusira. Hortik, eta jai giroan, pailazoak Udaletxera abiatu ziren, ume mordoaz lagunduta, eta eskutitz bat bidali zioten alkateari, bere erabakia alda zezan.

Gertaerek islada haundia izan zuten Nafarroako komunikabide nagusietan zein Sare Sozialetan. Hamaika txio zein argitalpen ikusi ahal izan genituen Kale Nagusia jendez beterik erakusten zituzten argazkiak. Hurrengoko eguneko azalak biltzen dituen irudi honek argi erakusten digu gertaerak edukitako oihartzuna:

 

Ikusten den moduan, Diario de Navarrak albistea isilarazi nahi izan zuen nolabait, gizartean eta kalean oihartzun nabarmena izan zuena erabat xokoratuaz. Ez zuten azalera eraman gertatutakoa, aitzik barnekaldean eta dimentsio txikian kokatu zuten. Iruñerriko atalaren azken orrialdean, albisteen orri nagusien kanpo eta bere eragina nimiñoa izatea eragiten zuen kokapena eman zioten piezari. Edukitan sartuta, prentsaurrekoa baino ez zuen aipatu, ehundaka lagunez osaturiko bapateko kalejira aldarrikatsua isilaraziz eta nola ez, Kale Nagusiaren inongo argazkirik argitaratu gabe.

Aurreko egunetan auziari emandako trataera ere tankerakoa izan zen. Nafarroako Arartekoa bera Mayari jarrera hori bertan behera uztea eskatu zion prentsaurrekoa baino egun batzuk lehenago eta Diario de Navarrak horren aurrean arazoaren muina aldrebesten zuen artikuloa kaleratu zuen. Egun batzuk pasa behar izan ziren Cordovillako goiburuan Arartekoaren informearen berri ezagutzeko, oraingoan ere modu aldrebestuan eta polemika piztu nahiean. Deigarria izan zen Porrotxi Porrot deitu ziola titularretan eta Katxiporretari Katiporreta edukiaren gorpuan, akats-federik ez dugu aurkituko horrekin.

Gerora bai, NA+ko adierazpenak heldu zirenean nabarmendutako trataera eskeini zieten egunkariaren orriaren goikaldean eta eskuinealdean, irakurgarritasuna handitzen duen teknika erabiliaz. Orduan ere pailazoen izena zikindu nahian, sarreran bertan ezertara ez zetozen elementuak azpimarratuz, “etarras” terminoa kasu.

Azken kapituloa, gaur; artikulo honen hasieran aipatzen dugun prozedura intoxikatzailearekin.

Joseba Asironek aparatu honek auziari eman dion trataera kritikatzeko argitaratutako idatzian ongi adierazi bezala, “okerrena zera da: oraindik milaka pertsona direla egunkari honen bitartez «informatzen» direnak. Horietako asko euskaltzaleak eta aldaketaren aldekoak. Gezurra badirudi ere.”

Euskal kulturaren etsai dira, oraingoan irri berak kriminalizatu behar izan badituzte ere.

Argi geratu da kalean zein sarean; irriak, maitasuna eta bihotzak nagusi izan dira Iruñean. Eta hemendik ere argi diogu, ilargiraino eta bueltan maite zaituztegu!!